Raül Blanco: “Ontzigintzarako PERTEak ontziolen eta beste industria-sektore batzuetako enpresen arteko lankidetza sustatuko du”

Raül Blanco: “Ontzigintzarako PERTEak ontziolen eta beste industria-sektore batzuetako enpresen arteko lankidetza sustatuko du”

19/05/2022

Ontzigintza, Europako funtsek bilduta

  • Industria eta ETEEetako idazkari nagusiak ontzigintzari zuzendutako PERTEa azaldu die euskal enpresei

 

  • PERTEekin lotutako berrikuntza guztiak autonomia-erkidegoko sare ekonomikora hurbiltzeko Ordezkaritzak antolatutako bosgarren jardunaldi monografikoa da.

 

Raül Blanco Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako (ETEE) idazkari nagusia, Denis Itxaso Gobernuko ordezkari eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera,   euskal ontzigintzako 60 eragile baino gehiagorekin bildu dira, ontzigintzaren industriarako PERTEn jasotako laguntzen xehetasunak azaltzeko.

PERTE honen funtsezko erronka ontzigintza sektorea produktu berrietara dibertsifikatzea, digitalizatzea, ingurumen-jasangarritasuna hobetzea eta langileak gaitzea da. 1.460 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du: horietatik 310 milioi sektore publikotik etorriko dira eta gainerakoak pribatutik. Planak kalitatezko 3.100 lanpostu inguru sortzea ekarriko du.

Raül Blancok bere hitzaldian azpimarratu zuenez, ontzigintzako PERTEak ontziolen eta beren industria laguntzaileko enpresen, hornitzaileen eta bezeroen arteko lankidetza sustatuko du, baina “beste industria-sektore batzuetako enpresekin sinergian ere bai, hala nola energia berriztagarrien industria-sektorearekin edo hidrogenoaren industria-sektorearekin”.

“Lankidetza horren bidez, itsas energiekiko dibertsifikazioa ahalbidetuko duten proiektu berritzaileak sortuko dira, bai eta itsas garraioa deskarbonizatzeko erronketarako irtenbide berriak ere, prozesu industrialen jasangarritasuna eta digitalizazioa sustatuz», gaineratu du. Ontzigintzako PERTEak aurkeztutako ekimen guztiei erantzuteko behar den aurrekontua izango du, bai diru-laguntza gisa, bai mailegu gisa”.

Bestalde, Itxasok euskal ontziolek “erronka desberdinen aurrean erantzuteko eta era guztietako testuinguruetara egokitzeko duten gaitasuna” azpimarratu zuen. “Moldakortasun horrek, gaitasun teknologiko handiarekin batera, nazioarteko merkatuaren eskaerei aurre egiteko aukera ematen diote. Ontzigintzarako PERTEak are gehiago indartuko ditu gaitasun horiek”.

 

Ontzigintzako PERTEaren helburuak

Ontzigintzaren balio-katearen eraldaketari buruzko ekimen integrala da, dibertsifikazioaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren bidez gauzatuko dena, honako helburu hauekin:

· Sektore honek industria-subiranotasunari egiten dion ekarpena mantentzea

· Jarduera dibertsifikatzea itsasoko energia berriztagarrietarantz

· Balio-katea digitalizatzea

· Ingurumenaren jasangarritasuna areagotzea

· Langileen prestakuntza eta gaikuntza hobetzea.

 

PERTEren helburuak lortzeak honako hauek ekarriko ditu:

 

1. Ontzigintzaren balio-kate industriala eraldatuko duten hainbat industria-sektoreren lankidetza, horien ekoizpena dibertsifikatuz itsas energia berriztagarrietara eta emisio txikiko ontzietara.

2. Sektorearen digitalizazioan eta jasangarritasunean sakontzea, eraginkortasun energetikoa ere hobetuz.

3. Industria-ehuna modernizatzea, kalitatezko enplegua sortuz eta sendotuz.

4. Nazioarteko merkatuetan lehiakortasuna hobetzea.

Oinarri arautzaileak laster argitaratuko dira, eta deialdiaren agindua, berriz, uda baino lehen. Deialdi hau ontzigintzaren sektorea eraldatzen laguntzeko eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko egoeran jartzeko beharrari erantzuten dio. I+G proiektuak, berrikuntza-proiektuak, prozesuetan ingurumena hobetzeko proiektuak, zirkulartasuna, emisioen murrizketa edo eraginkortasun energetikoko proiektuak lagunduko dira.

 

Bosgarren jardunaldi monografikoa

 

Bilera Euskal Autonomia Erkidegoko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak sustatu du, PERTE horrekin lotutako berrikuntza guztiak autonomia-erkidegoko ekonomia-sarera hurbiltzeko, eta Euskal Herriko Itsas Foroaren laguntza izan du hura antolatzeko. Jardunaldian sektoreko enpresa garrantzitsuek parte hartu dute. Ordezkaritzak antolatutako horrelako bosgarren topaketa da, joan den urtarrilean ibilgailu elektrikoaren eta konektatuaren PERTEari buruz egindakoaren ondoren: nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzkoa (martxoan), energia berriztagarriei buruzkoa (apirilaren 6an) eta abangoardiako osasunari buruzkoa (apirilaren 8an).

Euskadiko ontzigintza-sektoreak 2.852 milioi euro inguru fakturatu zituen 2021ean  eta 13.600 pertsonari baino gehiagori ematen die lana; Euskadiko ekonomiaren BPGren % 2,1 da. 2021ean, euskal ontziolen eskaera-zorroa 7 unitate gehiagotan handitu da eta, ondorioz, 15 unitate zorroan daudenez, bermatuta dute lan-karga 2023ko bukaera arte, bere 5 ekoizpen-plantetan. Horrek sektoreko industria laguntzailearentzat jarduera dakar.

 

Europako funtsen hedapena

 

Gobernuak dagoeneko 819 milioi euro bideratu ditu Euskadira Berreskuratze Planeko Europako funtsetatik: horietatik % 67,1 (550 milioi euro) erkidegoak zuzenean kudeatzeko transferitu dira, eta beste 269 milioi euro Estatuko Administrazio Orokorrak gauzatu ditu. Horrez gain, REACT-EU funtsetatik 426 milioi euro esleitu dira pandemiari erantzuteko behar den gastua finantzatzeko, bai eta ongizate-estatua eta zerbitzu publikoak indartzeko ere. Datu hauek Europako Batzordeak 2021eko uztailaren 13an onartutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren betearazpenean egindako aurrerapenei buruzko bigarren txostenaren parte dira.

Bestalde, Euskadin abiarazitako eta ebatzitako Estatuko laguntzen 45 deialdiek ia 1.000 parte-hartzaileri on egin diete, besteak beste, 235 toki-entitate eta erakunde publikori, 470 enpresa eta ikerketa-zentrori, 145 fundazio eta elkarte baino gehiagori eta 130 pertsona baino gehiagori.