Gobernuaren ordezkaritzak babes zibileko merezimenduaren dominak eman ditu

23/02/2021

  • Aurten DYA, VOST Euskadi elkarteek eta EDEKA plataformak irabazi dute
  •  Sariak emateko ekitaldia otsailaren 25ean, osteguna, izango da Gasteizen

 

Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzak babes zibileko merezimenduaren dominak eman dizkie DYA, VOST Euskadi eta EDEKA elkarteei, 2020an egindako lana aintzatesteko eta laguntzeko. Domina horien bidez, pertsonak babesteko egindako jarduketengatik eta herritarrei eskainitako zerbitzuengatik nabarmendu ziren pertsonak eta erakundeak bereizten dira; izan ere, zerbitzu horiek modu berezian lagundu zioten pertsonen segurtasunari eta bizi-kalitatea hobetzeari.  

 

DYA (Detente Y Ayuda)

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1966an sortua. DYAk, bere ibilbidean, jatorri guztietako pazienteak (istripua izan dutenak eta gaixoak) artatu eta lekualdatu ditu, eta, horretarako, bide-hezkuntzako prestakuntza-ekintzak antolatu ditu; adinekoentzako eta minusbaliatuentzako lekualdatze-zerbitzuak; zirkulazio-istripuetako biktimei eta haien senideei laguntza psikologikoa emateko zerbitzua, eta nazioarteko laguntza ere bai.

Lan sozial eta humanitario garrantzitsua da, eta hainbat sari jaso ditu, nazionalak eta nazioartekoak, hala nola “Urteko Osasun Erakunde Onenaren Saria”, Osasun Ministerioak 2002an eman zuena; “Bide Segurtasuneko Kanpaina Onenaren Europako Saria”, Frantziako Barne Ministroak 2008an eman ziona, eta 2010ean Elkargoko Mediku Orokorrak emandako ohorezko Domina Nazionala.

Hauek dira bere jarduera-eremuak: larrialdi soziosanitarioak, osasun-garraioa, Gizarte Laguntza eta Laguntza Espezializatuko sail bat, Erreskate Talde Berezi bat, Prestakuntza Eskola bat, laguntza psikologikoko zerbitzu bat arreta jaso duten biktimei, Prebentzio Zerbitzuetako sail bat eta Nazioarteko Lankidetzarako sail bat.

COVID 19 pandemia hasi zenetik, erakunde horrek buru-belarri jardun du era guztietako zeregin eta ekimenetan.

 

VOST EUSKADI

Erakunde hori VOST ekipoen nazioarteko koalizioaren parte da. Talde horiek larrialdietako, babes zibileko, segurtasuneko, informatikako eta informazioko profesionalek osatzen dituzte. 

Erakunde ofizialek larrialdi-egoeretan ematen duten informazio ofizialari laguntzea du helburu. Egiaztatutako informazio ofiziala eta autobabeserako eta segurtasunerako aholkuak ematen dituzte. Herritarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen desinformazioak atzeman eta neutralizatzea da egiten duten lan garrantzitsuetako bat. Gizarteari zerbitzu hauek eskaintzen dizkiote, besteak beste: sare sozialen eta Interneten bidez larrialdien kudeaketan laguntzea, tresna digitalen bidez esku hartzeko taldeei laguntzea, sare sozialen bidez Babes Zibila, bulos eta desinformazioei eustea, autobabeserako eta segurtasunerako mezuak zabaltzea.

CNDESek (Centro Nacional Desaparecidos) aintzatetsitako zentroak dira, eta, gainera, irakaskuntza-sail bat dute, Euskadiko VOST bertako boluntarioen etengabeko prestakuntzaz arduratzen dena, bai eta hori eskatzen duten hainbat elkarte eta erakunderena ere.

2012az geroztik, Itxaropena® izeneko programa garatzen ari da VOST Euskadi, senide baten desagerpenaren esperientzia mingarria izan duten familiei laguntzeko.

 

EDEKA (Elbarrituen Ordezkarien Euskal Kontseilua / Consejo Vasco de Representantes de Discapacitados)

Ezgaitasunen arloan lan egiten duten euskal federazio eta konfederazioak eta estaldura autonomikoko erakundeak biltzen dituen euskal plataforma da. ezgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzea da helburu nagusia, haien beharrak ezagutaraziz, interes eta eskubide komunak defendatuz, haien duintasunaren alde lan eginez, sentsibilitatea eta kontzientzia soziala sortuz eta euskal administrazio publikoen aurrean hizketakide izanik.

Hauek osatzen dute:

• FEVASPACE, Garuneko Paralisia duten Pertsonei Laguntzeko Elkarteen Euskal Federazioa.

• FEATECE, Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteen Euskadiko Federazioa.

• FEDEAFES, Gaixo Psikikoen eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa.

• ONCE, Espainiako Itsuen Erakundea.

• FEVAPAS, Gorren Gurasoen eta Lagunen Elkarteen Euskal Federazioa.

• ELKARTEAN, Euskadiko Gutxitu Fisikoen Konfederazio Koordinatzailea.

• EUSKAL GORRAK, Gorren Elkarteen Euskal Federazioa.

Erakunde horien ahalegin guztiak EDEKAren bidez bideratzen dira, ezgaitasuna duten pertsonen eta haien familien eremuan eragina duten politika autonomikoetako aldaketen eragile izan daitezen.