Euskal Herriko bost liburu dendatan idazleen arteko topaketak egongo dira irailean eta urrian 'Afinidades electivas' programaren barruan

30/08/2021

  • Estatuko hizkuntza ofizial desberdinetako bi sortzaileren arteko elkarrizketak dira, elkarren artean bestearen obra eta lanari buruz hitz egiteko
  • Denis Itxaso: “Euskarazko eta gaztelaniazko literatura-sortzaileen arteko zubiak sustatu nahi ditugu, konplizitate berriak sortu bai eta literaturan bete-betean aritzen diren sortzaileak dituzten bi hizkuntza ofizial izateak dakarren aberastasuna azpimarratu ere”
  • Ekimena, Kultura eta Kirol Ministerioko Liburuaren eta Irakurketa Sustatzearen Zuzendaritza Nagusiak bigarren urtez jarraian antolatuta, liburu-denda independenteen jarduera bultzatzera eta literatura-sorkuntzari laguntzera bideratuta dago

 

Euskadiko bost liburu-dendatan irailean eta urrian idazleen arteko topaketak izango dira, Kultura eta Kirol Ministerioko Liburuaren eta Irakurketa Sustatzearen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako ‘Afinidades electivas' programaren barruan.

Ekimenak bigarren edizioa du aurten, eta Estatuko hizkuntza ofizialetan lana  garatzen duten bi idazle eta itzultzaileren arteko solasaldi literarioak dira, horietako bakoitza bestearen lana eta obra aipatzera animatuz, antzekotasunak, loturak eta are bide desberdinak ere bilatuz.

Euskadin Gipuzkoako bi liburu-dendek, Bizkaiko bik eta Arabako batek hartzen dute parte:

  • Astrolibros (Gasteiz). Susanna Isern eta Eneko Etxegarai. Irailak 17
  • Libreramente (Barakaldo). Marta Jiménez Serrano eta Katixa Agirre Miguélez. Irailak 23
  • Tobacco Days (Donostia). Mariano Peyrou eta Eider Rodríguez. Urriak 6
  • ANTI Liburudenda (Bilbo). Albert Pijuan eta Aixa de la Cruz. Urriak 6
  • Gerrikoa (Lazkao). Oihana Iguaran Barandiaran eta Ibon Martin Álvarez. Urriak 19

 

Denis Itxaso EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, "programaren helburua liburu-denda independenteetako jarduera bultzatzea da, baita Estatuko berezko hizkuntza guztietako literatura-sorkuntza babestea ere". Horrela, "Espainiako hizkuntza-aniztasunari balioa ematen zaio, elkarrizketa erraztuz eta lurralde desberdinetako literaturak hedatzen lagunduz. Euskarazko eta gaztelaniazko literatura-sortzaileen arteko zubiak sustatu nahi ditugu, konplizitate berriak sortu bai eta literaturan bete-betean aritzen diren sortzaileak dituzten bi hizkuntza ofizial izateak dakarren aberastasuna azpimarratu ere".

Aniztasuna sustatzea

Programan gaztelaniazko, katalanezko, galegozko, euskarazko, bablezko, valentzierazko eta aragoierazko egileek parte hartuko dute saioan. Aniztasuna, lan egiten duten literatur generoen bidez ere agertzen da: narratiba, poesia, ilustrazioa eta itzulpena.

Kultura eta Kirol Ministerioak ekainaren amaieran programaren bigarren edizioa abiarazi zuen, nahiz eta topaketa gehienak irailean eta urrian egingo diren.

Guztira, 13 autonomia erkidegotako 64 liburu-dendek parte hartuko dute   Andaluzian, Aragoin, Asturiasen, Kantabrian, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Euskadin, Galizian, Balear Uharteetan, Errioxan, Madrilen eta Valentziako Erkidegoan.