Itxasok Gogoan por una memoria digna, Elkarbizi eta Fernando Buesa Fundazioarekin partekatzen du ETAko presoentzako omenaldi publikoak deslegitimatzeko beharra

03/05/2021

  • Bizikidetzaren eta memoriaren arloan lan egiten duten hiru elkarteak Gobernuaren Ordezkariarekin bildu dira eta biktimagileek espazio publikoan duten presentziari buruzko gogoeta egiteko eskatzen duten dokumentu bat eman diote

 

Denis Itxaso EAEko Gobernuaren Ordezkariak Gogoan por una memoria digna-ko, Elkarbiziko eta Fernando Buesa Fundazioko ordezkariekin bildu da gaur, ETAko presoentzako omenaldi publikoei amaiera emateko beharra partekatu duenekin. 'Ongietorri' izenez ezagutzen direnak espetxetik irtetean ETAko presoei egindako ongietorri publikoak dira. Joseba Eceolaza (Gogoan por una memoria digna), Natxo Iceta (Elkarbizi), Pello Sasiain (Elkarbizi) eta Eduardo Mateo (Fernando Buesa Fundazioa) izan dira bileran eta ETAko desegitearen iragarpenaren hirugarren urteurrenarekin bat egin dute, 2018ko maiatzaren 3an egindakoa.

Bizikidetzaren eta memoriaren arloan lan egiten duten hiru erakundeek Los victimarios en el espacio público dokumentua eman diote Itxasori. Bertan, herri bakoitzeko espazio publikoak bizikidetza-eremu izatearen alde egiten da eta, beraz, ETAko kideak idealizatzen dituzten edo haien sinbologia islatzen duten ekitaldirik edo mezurik ez babesteko.

Agiri hori beste erakunde batzuei ere helarazi zaie, hala nola Nafarroako Foru Gobernuari eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteari, zeintzuek ere babestu egin duten. Halaber, mozioen bidez tratatu da zenbait udaletan, hala nola Vitoria-Gasteizen, Donostian eta Zarautzen, haien babesa lortuz ere bai.

 

Denis Itxasok elkarte horiek egiten ari diren lana aitortu zein Gobernuak memoriarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berretsi du, ETA, bere kideak edo ingurua omentzeko, goraipatzeko edo ikusarazteko edozein ekitaldiri zilegitasuna kentzeko beharra azpimarratuz. "Birsozializaziora zuzendutako espetxe-sistema legitimatzeko modurik onena, giza begirada duena eta kartzelan sartzen diren pertsonen errehabilitazioan konfiantza duena, haien bizitzak berregiten laguntzea da irteten direnean", esan du Ordezkariak. Zentzu horretan, "Preso horri bere iraganik ilunena 'Ongietorriez' itzultzea da egin behar dugunaren kontrakoa, hain zuzen ere. Askatasunaz gabetzeko zigorren zentzua da presoek, irtetean, etorkizun eta bizitza berri bati berrekin diezaioten laguntzea, kondenatu zituen iragan hori atzean utziz. Oinarrizkoa da, baina oraindik pedagogia demokratiko hau azpimarratu behar da kartzelatik ateratzen direnean errehabilitatu nahi ditugun pertsonen historia makabroa idealiza ez dadin".

Gogoan por una memoria digna, Elkarbizi eta Fernando Buesa Fundazioaren ustez, "armen isiltasunak soinu-eragin nabarmena du: bertan garbiago entzuten da biktimak batzuetan tratatu diren mespretxua. Gaur egun, ordea, gauzak beste era batera egiteko betebehar historiko eta etikoa dugu. ETA ondoko gizarte berrian ez dago biktimenganako umilazio gehiagorako lekurik. Horretan ezin dugu iraganaren preso izaten jarraitu, gizarte gisa aurrera egiteko indarkeriaren deslegitimazioaren kultura espazio guztietan zabaldu behar dugulako".

Horregatik guztiagatik, testuan planteatzen dute amaiera ematea ETAko presoentzako omenaldi publikoei; udalek berma dezatela beren udalerrietako espazio publikoak elkarbizitzarako eremu izatea, ETAko kideak idealizatuko dituzten mezurik gabe, eta udal-foroak sor daitezela memoria demokratikoaren, bizikidetzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren balioak indartzeko tokiko espazio eta horma-irudiak bultzatzeko.